Asko aldatu da Nafarroako bertsolaritza azken urteotan. Eta segituko du aldatzen hurrengo urteotan. Horixe da Bertsozale Elkartearen nahia, horretan ari gara lanean. Aspaldiko lagunak hor daude, betiko moduan jo eta su lanean, baina argi dago belaunaldi berri bat ailegatu dela Nafarroako bertsolaritzara. Eta gelditzeko iritsi da.
Urtetik urtera Nafarroako Txapelketa aldaketa horien guztien lekuko izan da eta aurrerantzean ere segituko du izaten. Aurtengo Txapelketako ezaugarri nagusiek Nafarroako bertsolaritzaren egoera islatzen dute: aspaldiko parte-hartzaile kopururik handienak eta bertsolarien gaztetasunak etorkizun argia iragartzen dute Nafarroako bertsolaritzarako. Baina hori hala izan dadin ezin gara lokartu, gogotsu segitu behar dugu lanean.
Txapela nork jantzi, bai; baina lehiaz haratago, Nafarroako Txapelketak bertsolaritzaren festa izaten segituko du, euskaldunon topagune, bertsozaleon gozagarri. Garai berrietan ere, betiko lagunekin ibiliko gara.
|